Kronos Quartet

Kronos Quartet, 1990 – David Harrington, biolina; John Sherba, biolina; Hank Dutt, biola; Joan Jeanrenaud, txeloa. © Blake Little

Berrogei urtez baino gehiagoz, San Franciscoko Kronos Quartetek ezin hobeto bateratu ditu esperientzia guztiz ausartak eta harizko laukote bat zer den birpentsatzeko konpromiso etengabea. Prozesu horretan, munduko ensemble ospetsu eta itzal handienetako bat izatera iritsi da. Milaka kontzertu interpretatu ditu, berrogeita hamar grabazio baino gehiago argitaratu ditu, musikagile eta interprete sorta eklektikoarekin jardun du lankidetzan, eta harizko laukoterako 850 musika-lan eta konponketa baino gehiago eskatu ditu. Kronos Quartetek Grammy sari bat eta Polar Music Prize eta Avery Fisher Prize sariak irabazi ditu. Kronos Performing Arts Association (KPAA) irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatzen ditu ensemblearen lanari dagozkion alor guztiak, horien barruan musika lan berriak, birak eta kontzertuen denboraldia San Franciscon, hezkuntza programak eta Kronos Presents programa berria.

2015ean, KPAAk enkargu eta prestakuntza ekimen berri bat jarri zuen martxan: Fifty for the Future: The Kronos Learning Repertoire. Bost urtez, berrogeita hamar lan berriren komisarioa izango da (urtero, bost lan emakumeek egingo dituzte, eta beste bost gizonezkoek), eta doan banatuko ditu online. Nabarmentzen hasiak diren ikasle eta profesionalak prestatzeko diseinatu da, hain justu, proiektu hori.