Aurkezpena

BBVA Fundazioaren jarduera-egitarauaren orientabide nagusia ikerketa zientifikoa eta kultur sorkuntza sustatzea da, bai eta hori gizartera zabaltzea ere, hainbat kanalen bidez. Zientziak eta arteak etengabe zabaltzen ari den alor zabala osatzen dute, eta horien bien arteko elkarrekintzak continuum kultural bat osatzen du, zeinak laguntzen dion berrikuntzari, norbanakoaren eta taldearen aukerak zabaltzeari eta XXI. mendean gizarteak oro har dituen erronka konplexuei eraginkortasunez ekiteari. Horren guztiaren gainetik, bada gizabanakoen helburuen eta lehentasunen ezinbesteko osagai bat, hain zuzen ere, oinarri zientifikoko ezagutzaren eta sorkuntza artistikoaren ikuspegiez eta emaitzez jabetzeko nahia –biak ala biak egitura irekikoak eta etenik gabe berrikusteko modukoak–, modu paregabean asebetetzen baita horrela haien jakin-mina.

Premisa horiei erantzunez, BBVA Fundazioak zuzenean laguntzen die zientziaren eta kulturaren eremu zabaleko gizabanakoen eta taldeen lanari (ikerketa eta sorkuntza proiektuak), eta dagokien onespena (sariak) eta zabalkundea ematen die (hitzaldiak, argitalpenak, grabazioak), eta, horretarako, oinarrizko ezagutza zein ezagutza aplikatua hartzen ditu bere baitan, fisikatik eta matematikatik hasi eta biomedikuntzaraino, eta baita ere ekologia eta kontserbazioaren biologia, aldaketa klimatikoa hainbat diziplinatatik aztertua, gizarte zientziak eta humanitate digitalak. XX. eta XXI. mendeetako sorkuntza literarioa, arte plastikoak, bideoartea eta musika dira BBVA Fundazioaren kultur egitarauaren erdigunea, eta indar berezia ematen zaie orainaldiko sorkuntzari eta diziplina eta genero artistikoen arteko elkarrekintzari, bideoarteari eta musikari, bereziki.

BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak saria jaso duen Steve Reich maisuaren musika-lan berritzailearen integrazioak –Kronos Quartetek kanonikoki interpretatua– eta Beatriz Caravaggioren bideoarte-lanaren semantika visual oroitarazle eta konplexuak ezin hobeto erakusten dute BBVA Fundazioak ikuspegi eta esparru artistiko diziplinatuen elkarrizketaren, osagarritasunaren eta ongarritze gurutzatuaren alde egiten duen apustua.

Kultura babesteko ildo honen barruan dago, hain zuzen, 2002. urtetik BBVA Fundazioak Bilboko Arte Ederren Museoarekin izan duen lankidetza; izan ere, BBVA Fundazioa Museoaren Patronatuko kidea da. Museoarekin hartutako konpromiso hori berritu egin da orain, Bideoarteko eta Sorkuntza Digitaleko Programa berri baten bitartez, eta erakusketa hau programa horren lehenengo emaitza da.