Different Trains obrari buruz

 

Steve Reich eta Different Trains

Jose Luis García del Busto 

1965.urteaz geroztik, Steve Reichen musika-proposamenek nabarmen desegin nahi izan dituzte herri musikaren eta musika kultuaren artean oztopoak jartzen zituzten ohitura eta konbentzioak, eta proposamen horiek lagungarriak izan dira baita ere Afrikako eta Sortaldeko tradizio zaharreko musikak eta mendebaldean sortutako musikak mugatzen zituzten siluetak lausotzeko. Aurrekoak bezain garrantzitsuak diren beste osagai batzuek Reichen ekarpena kristalizatzen dute, eta indar handiz laguntzen diote horren pertsonalizazioari: esate baterako, eguneroko objektu soinudunen eta aturalen erabilera; zientziei, erlijioei, arte plastikoei eta eszenikoei egindako erreferentziak (antzerkia, dantza), eta baita teknologia berriei eta, azken batean, gizakiaren pentsamendu pluralari egindakoak ere; erreferentziak bere (gure) garaiko gertaerei eta albisteei, artista konprometituaren jarrera agertuz horien aurrean; bere musikak izaten duen elkarrizketa, mota askotako folkloreekin, jazzarekin, rockarekin, poparekin…, eta horrek guztiak berarekin ekarri du Steve Reichek garrantzia lortu izana, bai kontzertu aretoetan bai jende askorentzako eremu ireki handietan, joera guztietako komunikabideetan, Interneten… eta horren guztiaren ondorioz izan da protagonista, nola Zubin Mehtarekin batera New Yorkeko Filarmonikoaren kontzertuan Carnegie Hallen, hala YouTuben milioika jarraitzaile izan dituzten bideosorkuntzetan: hala gertatu da, esate baterako, James Murphyren Hello Steve Reich mix izenburuko lanarekin, zeina Clapping music zoragarriarekin hasten baita, eta David Bowieren musikarekin jarraitzen baitu.

Steve Reich New Yorken jaio zen 1936an. Filosofia ikasi zuen eta Wittgensteini buruzko lan batekin egin zen doktore. Musikaren alorrean, pianista gisa prestatu zen, eta interés handia izan zuen harentzat XVIII. Mendetik 1900. urtera bitartean osatutako europar musikak –kontzertu sinfonikoak, opera eta diskografia biltzen zituena–; baina arte horrenganako interesa areagotu egin zitzaion, antzinako musika eta musika garaikidea ezagutu zituenean. Jazza Overtonekin ikasi zuen, konposizioa Bergsmarekin eta Persichettirekin, eta Milhauden eta Berioren ikastaroetan parte hartu zuen; berak adierazitakoaren arabera, ordea, bertan ikasi zuen zer ez zuen egin nahi. Indonesiako musika tradizionala ikasi zuen Seattlen eta Berkeleyn, eta afrikar perkusioa Ghanako Unibertsitatean: bi adierazpen musikal herrikoi horietan funtsezkoak dira eredu errepikakorrak, eta baita haien erritmoen aberastasuna eta gozotasuna ere, eta horiek aurkikuntza liluragarriak eta ikasketa-iturri izan ziren Steve Reichentzat, horrenbeste ezen Reichen lan askoren funtsa izan diren. Eta lan horiek musika errepikakorraren edo minimal art joeraren soinu eta musika bertsioaren eredu gisa gelditu dira. Estatu Batuetan eta Jerusalemen, hebrear testu sakratuen deklamaziorako forma tradizionalak ikasi zituen Reichek, eta hori oinarrizkoa izan zen, bere lanetako testuen eta musiken arteko harremanak garatzeko. Estatu Batuetan oso modu aktiboan parte hartu zuen musika elektroakustikoaren esperientzia aitzindarietan eta La Monte Youngek eta Terry Rileyk proposatutako minimalismoaren lehenengo urrats gisa har litezkeen kontzertuetan. Era berean, harremana izan zuen John Cageren eta Philip Glassen soinuaren eta estetikaren mundu konplexu eta eraginkorrarekin; azken horrekin partekatu zituen, halaber, musikaren inguruko kezkak eta veste hainbat jarduera. Steve Reichek harreman etengabea eta aberatsa izan du dantzarekin, eta, horren ondorioz, hainbat lan egin ditu koreografo askorekin batera, hala nola Laura Dean, Anne T. De Keersmaeker, Jirí Kylián, Jerome Robbins, Alvin Ailey, Maurice Béjart… eta lankidetzan jardun du irudiaren arteen sortzaileekin ere. Teoria eta praktika, konposizioa eta interpretazioa, elkarrengandik bereizi gabe, Steve Reichek, bai bakarka bai berak eratutako taldeekin batera (Steve Reich and Musicians), oparo esku hartu du mundo osoan zehar bere musikaren zabalkundean, eta lan handia egin du kontzertuaren formak, musika-antzerki emanaldiak, performanceak... sakontasunez berritzeko; izan ere, sorkuntza eta musika esperientzia berriak proposatu ditu, eta, modu horretan, bestelako komunikazio-moduak sortu ditu, veste espazio batzuk iradoki ditu, eta beste ikusle batzuengana iritsi da.

Steve Reichen konposizio-esperientzia aitzindarien artean dago phasingari buruzko lana: prozesu errepikakorrak, fasean edo desfasatuta, zeinak aurkeztu litezkeen grabazio itxietan (It’s gonna rain, zintarako), interpreteekiko zuzeneko errealizazioetan, edo bi soinu-iturri motak bateratuz (Piano phase, Violin phase, Phase patterns, Dance patterns). Reichek hasieratik erabili dituen prozeduren artean daude zuzenean egin eta mikroen bitartez grabatutako hotsen atzeraelikadura zein musika-periodoen denborazko areagotzea, eta, noski, oso modu egokian ustiatu ditu azken aurrerakuntza teknologikoek ematen dituzten aukerak; horri esker, aurretik grabatutako hotsak denboran luza ditzake, tinbrea deformatu gabe eta intonazioa aldatu gabe.

Reichek erritmoen eta perkusioen alorra ikertu zuen, bere karreran mugarri izandako eta jarraitu beharreko arrastoa utzi duten lanetan, hala nola Drumming (perkusioetarako) edo Clapping music (txaloak egiten dituzten musikarientzat); lan horiek bat egiten dute fase kontzeptuarekin. Aldi aberats hori laburtzen duen lana Music for 18 musicians da, zeinetan lanketa fasiko eta erritmikoak kontrapuntu kontzeptuekin eta aurkikuntza harmonikoekin eta tinbrikoekin aberasten diren.

New Yorkeko musikagileak Pérotinekiko (Parisko Notre-Dameko eskolako maisua, XII-XIII. mendeak) sentitzen zuen liluraren eraginez osatu zituen New York counterpoint (klarinete edo saxofoirako, hainbat bertsiotan) eta Electric counterpoint (gitarra elektrikorako eta gitarra zintarako edo taldeetarako); eta Reichen beste hainbat partituratan ere nabarmena izan zen hura, hala nola Music for 18 musicians aipatu berrian.Reichen musikak hitzarekin finkatzen duen harremana hainbat lanetan gauzatzen da, hala nola Tehillim (ahots eta taldeetarako, hebrear salmoen gainean) edo Proverb (ahots eta ensembletarako), eta baita The cave eta Three tales lanetan ere; lan horiek, bestalde, operaren dimentsioa (teatrala) eskaintzen dute, eta Beryl Koroten sorkuntza bideografikoetan bermatzen dira.

Steve Reichen musika-tresnetarako partiturak era askotako taldeetarako –eta askotan talde atipikoetarako– idatziak dira, hari-orkestra eta orkestra sinfonikoa barne, eta horien artean sartzen dira, besteak beste, Variations for winds, strings and keyboards, Three movements, The four sections eta For strings lanak. Horiez gainera, musika-tresnekin batera ahotsa behar dute beste batzuek, hala nola The desert music, Daniel variations edo oraingo honetan lantzen ari garenak.

Different trains

Hari-laukoterako eta aurretik grabatutako zintarako lan bat da; zinta horretan entzuten dira, halaber, beste hiru hari-laukoteren parte hartzea, eta baita hitz egiten duten ahotsak ere, eta, horiez gainera, hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkadetako amerikar eta europar trenen hotsak. Londresko Queen Elizabeth Hall aretoan estreinatu zuen, 1988ko azaroaren 2an, Kronos Quartet taldeak.

Different Trains lanak musika klasikoko lan onenaren Grammy saria irabazi zuen 1989an. Different Trains etenik gabe kateatzen diren hiru atal edo mugimenduz osatutako hots-musikaren kronika moduko bat da. Musika-tresnen zuzeneko soinuaren gainean –bi biolin, biola bat eta biolontxelo bat–, Bigarren Mundu Gerraren aurretik, bitartean edo ondoren Estatu Batuetako eta Europako herritarrei grabatutako elkarrizketetatik ateratako ahotsak eskaintzen ditu zintak. Lehenengo mugimenduan, ‘Amerika – Gerraren aurretik’ izenburukoan, musikarekin batera Steve Reichek berakhaurtzaroan izan zuen etxeko irakaslearen hitzak –Virginia– entzungo ditugu, eta baita amerikar burdinbideko langile batenak ere –Lawrence Davis–, gogora ekarriz Estatu Batuetan barrena, kostaldetik kostaldera, trenez egiten zituen bidaia luzeak, eta baita tren haiek, beren txistu ahaltsuekin, egiten zituzten hotsak ere. Steve Reichek, artean haurra zela, aldian-aldian ama ikusteko egiten zituen bidaia amaigabe haien oroitzapena da hau; izan ere, gurasoak banandu zirenean, bera New Yorken gelditu zen eta amak Los Angelesen hartu zuen bizilekua.

Bigarren mugimenduan, ‘Europa – Gerra garaian’, Holokausto nazian bizirik ateratako hiru lagunek (Paul, Rachel eta Rachella) beren esperientziari buruzko esaldiak esaten dituzte, eta, esperientzia horien artean daude trenetan kontzentrazio esparruetara eramaten zituzten bidaia fatidikoak; tren horiek Reichek ezagutu zituen trenen guztiz bestelakoak ziren, noski. Musikagileak mugimendu honetan erabilitako grabazioa Yaleko Unibertsitateko soinu artxibotik hartua da, eta europar trenen hotsak eta zoritxarreko txirrinak entzuten dira bertan, ibilbide benetan hunkigarrian. Hirugarren mugimenduan, ‘Gerraren ondoren’, Holokaustoan bizirik irten zirenen ahotsak entzungo ditugu (‘Gerra amaitu da’… ‘Seguru al zaude?’…), gerra amaitu eta berehala, eta ahots horiek Virginia eta Davisen ahotsekin batera entzuten dira, eta horien atzean, tren hotsak, amerikar trenen hotsak berriro ere.

Different Trains hauetan, hari-laukotearen zuzeneko joaldiarekin bat egiten duen zinta magnetofonikoaren edukia aberasteko, Reichek, beste musika-lan batzuetan egin bezala, eta grabatutako ahotsetatik abiatuta, doinuak (gaiak) lortzeko moduak probatzen ditu, eta, horretarako, sampling teklatu digitalaz baliatzen da. Samplinga aurreko mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan garatutako soinu-teknologia bat da, hain zuzen ere, soinua modu digitalean grabatzeko aukera sortu zenekoa, hau da, ordenagailuak ulertzeko moduko formatuan; horrek aukera ematen zuen harekin ‘jolasteko’ (manipulatzeko), eta, azkenik, emaitzak erreproduzitzeko. Lan honen lehenengo partean, Steve Reichek biola eta biolontxeloa erabili zituen emakumeen zein gizonezkoen ahotsak  ‘pertsonifikatzeko’, hurrenez hurren. Lanean zehar, laukotea osatzen duten musika-tresnek askotan ez dituzte doinuak jotzen, baizik eta erritmo zelula errepikakorrak, eta horixe da lanaren bereizgarria.

Konposizioaren planteamenduaren berezitasuna agerikoa da, eta ukaezina da haren eraginkortasun adierazkorra. Reichek lan hau ‘musika dokumentala’ dela adierazi du; egiaz, ez dago hori baino definizio laburragorik zein hoberik.

 

fotograma2

 

 

Different Trainsen berridazketa zinematografikoa

Miquel Martí Freixas

Berriro bisitatzea, berriro pentsatzea, gertatutakoari berriro begiratzea, orainaren jarduera artistikoak dira. Azken hamarkadetako jarrera kultural aktiboak XX. mendearen ondarea ikertzen du bereziki. Iraganerako itzulera horiek bizi izandakoaren gogoeta zehatza eskaintzen dute, memoriaren inskripzioak, existitzen direnak baino are sakonagoak. Itzulerako bidaia hau aurreko mendearen hil osteko kapitulutzat har dezakegu.

XX. mendea lehena izan da, halaber, gizakiak bizi izandako denboran gertatutakoa zabal jasota uzteko eta interpretatzeko tresna-aukera zabala eskaintzen. Mende hori egunez egun inprimatu da, argazkiak atera zaizkio, soinua jarri zaio, filmatu egin da. XXI. mendean, berriz, gertatutakoa egiaztatzen duten tresna ugari horiek globalizatu egin dira eta guztiz ase dute beren funtzioa.

Minutuz minutu hainbat formatu eta plataformatan idatzi, fotografiatu, sonorizatu, filmatu, partekatu eta birtualki esperimentatu den garaia da. Gure garaiaren lekukotza erregistratzen duen material kopuru izugarri eta biziak zaildu egiten ditu begirada bare eta urrunak. XXI. mende hau ulertzeko oztopo horiek lagungarriak dira, beharbada, XX. mendearen bideetan barrena arrazoiak bilatzeko. Erregistro ugariko garai hauen ezaugarrietako bat horien arteko intersekzioa da. Adierazpen nahasiak dira, interaktiboak, parte hartzaileak. Eta ezaugarri bereizle hori arte garaikideetan ere onartzen da. Artearen eremu askoren, palinpsesto modalitateen eta muga lausoak dituzten hainbat jardunen arteko sorkuntza hibridoen berrinterpretazioak, edo azterketa-objektu horretan behin betiko sakontzeko aukera ematen duten begirada poliedrikoak, horren guztiaren adibide dira.

Premisa poskultural horietan dago Beatriz Caravaggioren sorkuntza-lana. XXI. Mendearen hasieran kokatuta, XX. mendeko funtsezko urteei begiratzen die: Holokaustokoei, hain zuzen ere. Laurogeiko hamarkadan musikalaren forman osatutako memoria batzuen berreraikuntza da lana: film bat. Hogeita hamar eta berrogeiko hamarkadan gertatutako esperientzia kolektibo batzuei buruz –nazismoaren basakeria jasan zutenen esperientziei buruz– gogoeta egiten dute Steve Reichen partitura biografikoek. Horrela lortzen dugu, gure orainaldian, lan diaristiko-musikalzinematografiko berezi eta konplexua, zortzi bat hamarkadatako sorkuntza-uztaia biltzen duena.

Memoriaren erritmoak, atalak eta konposizioak

Steve Reichen Different Trains lana pentsamendu baten deskribapena da. Haurtzaroan, Estatu Batuetako kostalde batetik bestera bidaiatzen zuen musikagileak, dibortziatuta zeuden gurasoengana joateko. Haur bat tren handietan, hainbat egun irauten zuten bidaiak, abentura gisa bizitako ibilbide luzeak. Helduaroan, bere sustrai juduetan barreneko ikerketa-prozesuan, musikagilea jabetu zen, berak zeharbide ikusgarri horiez gozatzen zuen bitartean, istorio etsiak zebiltzala beste errail batzuetan barrena, konfinamendura edo heriotzara bideratutako deportatuekin. Egokitu zitzaion zori onaz

jabetzen da musikagilea, beharbada baita patuaren zamaz ere, judua izanik nazismoan murgildutako Europatik eta Holokaustotik urrun zeuden beste herrialde batzuetan baitzegoen. Reichen musika-lanaren ezaugarri nabarmenena errepikapena da, eta oso presente daude trenen jarduera gogorarazten duten osagaiak. Lastertzea ta mantsotzea nahasten dituzten uneez osatuta dago, eta horrek trenak har ditzakeen abiadurak ematen ditu aditzera. Trenaren funtzionamenduari lotutako txistu nabarmenak gailentzen dira. Eta modu berezian islatzen du triki-traka etengabe eta berezia, bidaiariarentzat barne erritmo bihurtzen dena. Estatubatuar musikagileak soinu errepikapen limurtzaile batean irudikatzen du hori guztia, entzumenaren trantze-egoera bat balitz bezala,egoera berezi batera zabalduko lukeena gogoa. Ukiezina den eremu horretan sortzen da, hain zuzen, eremu fisiko urrunen, beste tren batzuen eta beste gizakien arteko lotura. Buruaren bidaia erritmiko hori izango da bere memoriaren oinarria.

Beatriz Caravaggiok Steve Reichen ideiak interpretatzen ditu, eta bizitza bisuala ematen dio partiturari. Beatrizen berrirakurketa azaldutako gaiarekin lotura duten eta bere garaiari dagozkion artxiboko irudien muntaiatik sortzen da, hau da, lotura dokumentala dute deskribatutako istorioarekin. Filma naturatik eta paisaietatik barrena igaroko da, tren dotoreenganako mirespenarekin, eta hiri handietara eta eraikin garrantzitsuetara itzuliko da –Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hiri paisaia grisa–, genozidioaren izugarrikerien erdi-erditik igaro ondoren. Denboran zeharreko igarobide horretan, konbinatu egiten dira esparruei, deportazioari, sarraskiari eta askapenari buruzko artxiboak; arlo errealaren inguruko testigantza eskasa zen lekuetan eta egoeretan filmatutako erregistroak, naziek grabatuak batzuk eta, geroago, aliatuek grabatutakoak besteak. Artxiboko materialaren hautaketalan handiaren ondoren, bideoartistaren eskuhartzea irudi guztien berrantolaketa bikain batean oinarritzen da, fotogramaz fotograma osatutako lan metodiko eta zehatzean hain justu. Prozedura horietatik abiatuta, oinarri dokumentala berridatzi egiten da argumentuhari bat osatzeko, begirada narratzaile bat eraikitzeko.

Errealizazioari dagokionez, pantaila hiru partetan banatzen da, eta, era horretara, esanahien irakurketa-aukera zabala eskaintzen da. Alde batetik, triptikoa zertxobait deskonpasatuta dago, eta horrek denboraren zatiketa eskaintzen digu, oroitzapen zatituak. Nahasturik agertzen diren oroitzapenak, dinamika, mugimendu eta ahots ugariz osatuak. Triptikoa, halaber, mugimenduen, formen eta testuren konposizio konplexu bat da, aberastasun iradokitzailez osatua, koordinazio, antzekotasun edo kontrasteen bitartez. Collage bat da, baina, aldi berean, artxibo-iturri ugariak bateratasun bisualaz pentsatuta daude, eta horrek kontakizun kohesionatua eskaintzen digu.

Beatriz Caravaggiok, bestalde, jatorrizko egiturari eusten dio, hiru mugimendutan banatzen baitu lana, eta, hirugarrenean, triptikoak balio berria hartzen du, esanahien kontrastetik abiatuta. Bizirik irten direnak beren helmuga berrietara iristen dira eta hiri horietako eguneroko erritmoak bereganatzen ditu haien bizitzak; baina horietan nahasturik egongo dira Holokaustoaren arrasto ezabaezinak. Era horretan, orainaren joana eta iraganeko oroitzapenak bat eginik egongo dira.

Traszendentziak eta ondareak

Adierazpen artistiko asko lotu izan zaizkio gai horri: esparruetan bertan egindakoak (pintura, marrazkia, musika, literatura, poesia, besteak beste) zein gaur egun eginak. Lan asko daude erreferente bihurtu direnak, baina talentuak eta trebeziak, lan multzoa bera, nabarmendu baino gehiago, lan etiko, zorrotz, sakon edo adierazkorrenen konglomeratuak gertaeren memoria kolektiboa osatzen du.

Era askotako jardunbideetatik, ondare eraginkorra osatzen dute memoria idatziek, literaturak eta poesiak (Paul Celan, Ana Frank, Imre Kertész, Eugen Kogon, Primo Levi, Elie Wiesel, beste askoren artean), zinemagileek (Alain Resnais, Claude Lanzmann, Andrzej Munk, Harun Farocki, László Nemes) edo musikak, hala nola aurrez aurre dugun Steve Reicherenak eta Beatriz Caravaggioren berridazketa zinematografikoak. Era berean, mundu osoko memorial eta museoek memoria historikoaren bateratze funtzioa betetzen dute, eta baita memoria artistikoarena ere.

Era berean, ikusle oso mainstreamengana iristen diren lanak sar litezke, eta, aurretik aipatutakoek baino sakontasun txikiagoa badute ere, erakutsitakoarenganako etika eta benetako interesa dute, eta herritar-geruza zabalari eragiten diote, beren ospeagatik. Horren adibide izan liteke Steven Spielbergen film ospetsua (artxiboko materialarekin egindako funtsezko lana ahaztu gabe) edo zenbait komikirena, hala nola Bernard Krigsteinen aitzindaria edo Art Spiegelmanen ospetsua.

Horiek guztiek memoriaren inskripzioondare aberats eta askotarikoa osatzen dute. Gertatutakoa inoiz ez ahaztearen kontzeptu garrantzitsua biltzen duten irudikapenen monolitoa dira. XX. mendean bizi izandako historia, Holokaustoa eta horren arrazoiak eta ondorioak etorkizunaren memoriaren parte izango direla adierazten duen etorkizuneko herentziaren itxaropena topatzen dugu horietan guztietan. Gizakiongan hura berriro garatzea eragotziko lukeen jakintza egongo balitz bezala, ikaskuntza kognitiboan garai hartan sortutako irakaspen muturrekoak eta esperientziak irakatsiz.

 

fotograma-sobre