Steve Reich

© Jeffrey Herman  

New Yorken jaio zen, 1936an. Berari buruz esan izan dute, besteak beste, ‘bizirik dagoen estatubatuar musikagilerik onena da’ (The Village Voice), ‘gure garaiko musika pentsalari bereziena da’ (The New Yorker) eta ‘(…) mende honetako musikagile handien artean dago’ (The New York Times). Bere musikak mundu osoko musikagile eta musikariengan izan du eragina. Bi Grammy sari irabazi ditu, Music for 18 musicians eta Different Trains musika lanengatik, eta 2009an, berriz, Pulitzer saria irabazi zuen Double sextet lanarekin.The cave eta Three tales multimedia operak, Beryl Korot bideoartistaren lankidetzarekin eginak, lau kontinenteetan ikusi dira. Milaka pertsonak entzun zuten Jonny Greenwood (Radiohead taldekoa) Electric counterpoint jotzen eta London Sinfonietta Glastonbury Festival jaialdian bere Music for 18 musicians lana jotzen. Horren ondoren agortu egin ziren Londresko Queen Elizabeth Hall aretoan antolatutako bi kontzertuetarako sarrerak, Reichen azken lana, Quartet, entzuteko. Lan hori Colin Currie perkusionistarentzat osatu zuen, hain zuzen ere.

2012an American Academy of Arts and Letters erakundearen Musikaren Urrezko Domina jaso zuen. Horren aurretik irabaziak zituen Praemium Imperiale Tokion, Polar Prize Stockholmen eta BBVA Fundazioaren Fronteras del Conocimiento saria Madrilen. Orain dela gutxi, Urrezko Lehoia irabazi du Veneziako Bienalean.

Reich Commandeur de l’Ordre des Arts et des Lettres izendatu dute eta honoris causa doktorea Juilliard Schoolen, Budapesteko Liszt Academyn eta New England Conservatory of Musicen, besteak beste. The Guardian egunkariak adierazi zuenez, ‘musikagile gutxi batzuei baino ezin zaie egotzi, zinez, musikaren historiaren zentzua aldatzeko gai izatea, eta Steve Reich da horietako bat’.